Saritutako pertsonak edo erakundeak - Navarra Solidaridad
Saritutako pertsonak edo erakundeak

Muhammad Yunus
Microkredituak

70eko hamarkadan “Gram Sarker” (landa-gobernua) izeneko landa-herrixketako gizarte-antolaketaren aitzindaria izan zen, eta pobreziatik ateratzeko modu bakarra merkatuko legeak gainditzea dela, eta, horretarako behartsuenei bermerik gabeko kreditu solidarioak eman behar zaizkiela ohartarazi zuen. Grameen Bankua (landa-bankua) sortzea lortu zuen, eta 1983an, banku autonomo bilakatu zen. “Pobreen banku” horrek hiru milioi eta erdi pertsonari egin die mesede (gehienak emakumeak), haiek baitira bankuaren jabeak. Kontinente guztietan jarraitzen den eredua da, landa-habitata eta eskolak eraikitzera bideratutako politika ekonomiko eta soziala aplikatuta. Muhammad Yunusek eta bere Grameen Bankuak Bakearen Nobel Saria jaso zuten 2006an, klase babesgabeenentzat bidezko ekonomia bat lortzeko egindako borrokagatik.
Karitateko Ahizpa Misiolariak
Pobrezia

1950ean Kalkutako Ama Teresak behartsuenei laguntzeko sortutako ordena erlijioso katolikoa da. Gaur egun, ordenak 4.500 moja baino gehiago ditu 133 herrialdetan. Misiolariek errefuxiatuei, prostituta izandakoei, gaixotasun mentalak dituztenei, abandonatutako haurrei, legendunei, HIESaren biktimei, adinekoei eta eriondoei laguntzen diete. Boluntarioen ardurapean dauden eskolak dituzte kaleko haurrak hezteko, karitateko jantokiak dituzte, eta komunitatearen premien araberako bestelako zerbitzuak eskaintzen dituzte. Sariak ordena horren lana eta babesgabeenei laguntzeko egiten duen etengabeko ahalegina aitortu zituen.
Errefuxiatuentzako Jesulagunen Zerbitzua
Errefuxiatuak eta lekualdatuak

Pedro Arrupe aitak sortu zuen 1980an, mundu osoko errefuxiatuen premiei erantzuteko. Lan hori aitortu nahi izan zen elkartasunaren hirugarren Nafarroako Nazioarteko Saria emanez. Errefuxiatuentzako Jesulagunen Zerbitzua munduko krisi humanitario nagusietan egon da, eta urtean ia 400.000 pertsona artatzen ditu. 500 pertsona baino gehiagok, gehienak boluntarioak, onuradunekin batera lan egiten dute hezkuntzako, larrialdiko laguntzako, elikagaien laguntzako eta oinarrizko osasuneko proiektuetan, bai eta diru-sarrerak sortzen dituzten produkzio-programetan, kolektibo ahulenentzako gizarte-zerbitzuetan eta giza eskubideen legezko defentsan ere.
UNASO (hiesaren aurka borrokatzeko zerbitzu-erakundeen ugandako sarea).
VIH-SIDA

1997an sortu zen, hainbat erakundek GIBaren transmisioa murrizteko eta kaltetutako pertsonei zaintza eta laguntza emateko adierazitako beharrari erantzuteko. Nazio mailan funtzionatzen du gobernuz kanpoko erakundeekin, komunitatean oinarritutako erakundeekin, GIB/HIESa duten pertsonen taldeekin eta Ugandan gaixotasun horri erantzuten inplikatuta dauden tokiko beste komunitate batzuekin. Orain arte, 800 erakundek osatzen dute sarea. Bere jarduera ugarien artean, honako hauek nabarmentzen dira: HIESaren zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeen foro bat sortzea, zaintzari eta autozainketari buruzko aholkularitza eta hainbat esku-hartzeri buruzko informazioa ematea, eta gaixotasun horri buruzko dokumentazioa.
Fede eta Alaitasunaren Nazioarteko Federazioa, Herri Hezkuntza Integralaren eta Gizarte Sustapenaren Mugimendua
Hezkuntza

Bere ekintza pobretutako eta baztertutako sektoreei bideratua dago, haien garapen pertsonala eta parte-hartze soziala sustatzeko. Fe y Alegríaren helburua pertsona guztiek beren gaitasunak garatzeko eta duintasunez bizitzeko aukera izango duten mundu bat lortzea da, gizarte bidezkoa, parte-hartzailea eta solidarioa eraikiz; mundu bat non egitura guztiak, batez ere eliza, gizakiarekin eta ekitaterik eza, pobrezia eta bazterkeria sortzen duten egoeren eraldaketarekin konprometituta egongo diren. Horretarako, hezkuntza du lanabes. Fe y Alegrían ia 40.000 pertsonak egiten dute lan, ehunka laguntzaile boluntario kontuan hartu gabe. Mugimenduaren ekintza zuzenean edo zeharka iristen zaien pertsonen kopurua urtean zazpi milioikoa izan daiteke. Uste da federazioak zazpi milioi pertsona inguru artatzen dituela urtean zuzenean edo zeharka.
San Joan Jainkoarena Ordena Ospitalarioa
Osasuna

Irabazi asmorik gabeko nazioarteko lankidetza-erakunde handienetako bat da. Hospitalitateari dagokionean, arreta berezia jartzen du harreran, osasunaren sustapenean, laguntzan eta garai eta gizarte bakoitzeko errealitate zaurgarrienetan hartutako konpromisoan, unibertsaltasunaren kontzeptu zabal batetik abiatuta eta profesionaltasuna bultzatuz. Ordenaren helburua gaixotasunengatik edo baliabide mugatuak izateagatik bereziki zaurgarriak diren pertsonei arreta ematea da, gizarte-ekintzako eta osasuneko nazioarteko programak abian jarriz eta garatuz. Bere lana laguntza-zentroetan, ospitaleetan, osasun-zentroetan, gizarte-zerbitzuetan eta erlijio-komunitateetan gauzatzen da. Ordena bost kontinenteetako berrogeita hamar herrialdetan dago, eta urtean 20 milioi artatze egiten ditu, hau da, egunean 54.000 pertsona artatzen ditu batez beste.
Mama Samateh eta Wassu Gambia Kafo GKE
Emakumeen Mutilazio Genitala (EMG)

Katalunian eta Gambian egoitza duen Wassu Gambia Kafo eta haren lehendakari Adriana Kaplanek ordezkatzen duen GKEak 1998an sortutako Mutilazioaren Aurkako Emakumeen Elkartearen (AMAM) lehendakari eta bazkide fundatzailea, tokiko eta emigratutako biztanleekiko sentsibilizazioan eta estrategia alternatiboen prestakuntzan oinarritzen da, emakumeen genitalen mutilazioa helduarora igarotzen hasteko erritualetik kentzeko. Erakundea 2002an sortu bazen ere, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Tradizio Kaltegarriak Prebenitzeko eta Aztertzeko Diziplinarteko Taldeak egindako jarduketetan hasi zen lanean.
Aguaricoko Bikariotza Apostolikoa – Kaputxinoen Misioa
Herri indigenak

1954tik Ekuadorreko Ekialdeko herrien alde egiten duen lana aitortu zen. Herri horiek sarri baztertuta daudenez, nazioarteko mugimendu indartsu eta kohesionatua eratu dute, orain dela 30 urte baino gehiago beren kulturek merezi duten errespetua lortzeko borrokatzen duena eta herri horiei laguntzen diena, besteak beste, antolamendua indartzen, eskubideak eskatzen, garapen autonomoko programei eta oinarrizko giza premiak asetzeko kanpainetan laguntzean, eta, bereziki, osasunerako eta hezkuntzarako sarbidean, beren kultura-jarraibideak errespetatuz.
Creative Handicrafts eta haren fundatzaile Isabel Martín Alonso
Bidezko merkataritza

Mumbai hiriko kasta behartsuenetako emakumeei egindako lanagatik eta emandako laguntzagatik. 1984an, Isabel Martínek ikusi zuen beharrezkoa zela emakumeek bizimodua ateratzeko modu bat garatzea, ekonomikoki independenteak izateko eta bizi zuten diskriminazio-egoera gainditzeko. Orduan, beste lau emakumerekin batera, Creative Handicrafts jarri zuen abian. Gaur egun, ehungintzako hamabi kooperatiba eta janari lasterreko kooperatiba bat koordinatzen ditu, eta merkatu nazionalerako eta nazioarterako salgaiak ekoizten dituzte, bidezko merkataritzako kanalen bidez. Erakundeak hiru programa garatzen ditu: garapen ekonomikokoa, trebakuntza pertsonalekoa eta garapen komunitariokoa.

Manuel E. Patarroyo Murillo
Malaria

Immunologo kolonbiar honek medikuntza-titulua eskuratu zuen Kolonbiako Unibertsitate Nazionalean (1971), graduondoko ikasketak egin zituen New Yorkeko (AEB) Yale eta Rockefeller unibertsitateetan eta Karolinska Institutuan (Stockholm, Suedia). Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko katedraduna eta New Yorkeko eta Stockholmeko Rockefeller unibertsitateetako irakasle laguntzailea da. Gainera, Kolonbiako Immunologia Institutua Fundazioaren (FIDIC), Kolonbiako Unibertsitate Nazionalari lotutako Fundazioaren eta malariaren, tuberkulosiaren eta legenarraren aurkako txerto sintetikoak garatzeko Osasunaren Mundu Erakundearen Zentro Laguntzailearen sortzailea eta egungo zuzendaria da. 300 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu aldizkarietan.

Dimina Khasiala, "Mama Tunza" ezizenez (suahiliz, ‘zaintzen zaituen ama’)
Haurtzaroa

1997. urtean, baliabiderik gabeko emakume analfabeto honek abandonatutako haurtxo bat aurkitu zuen edukiontzi batean, eta haren ardura hartu behar izan zuen, inork ez baitzuen bere gain hartzen. Senitartekoen eta lagunen laguntzarekin eta inguruko enpresa pribatuetara joz, barrakoiak eraiki zituen, Tunza Children's Centre delakoa, Nairobiko kaleetan noraezean ibiltzen diren adingabe asko hartzeko. Ordutik, etxerik gabeko 350 adingabe baino gehiago zaindu eta artatu ditu, eta hezkuntza, elikagaiak eta oinarrizko beste behar batzuk eman dizkie.

Martha Pelloni
Sexu-esplotaziorako gizakien salerosketa

Bere herrialdean giza eskubideen alde egindako lana aitortu zen, zehazki adingabeen salerosketaren, sexu-abusuen eta organoen trafikorako haurren lapurretaren aurka egindakoa. Lekaime argentinarrak “Isiltasunaren Martxa” gidatu zuen 1990ean, zeinak, aldi berean, antzeko beste 82 salaketa-martxa eragin zituen, nerabe baten aurkako krimenaren erantzuleak argitzea eta epaitzea eskatzeko. Lekaimeak 25 urte baino gehiago daramatza haur eta nerabeen trafikoaren, salerosketaren eta sexu-esplotazioaren aurkako prebentzioarekin, laguntzarekin eta borrokarekin konprometituta, eta sare eta erakunde askotan lan egin du, hala nola berak sortu zuen eta 21 foro sozialez osatua dagoen Haurtzaro Lapurtuaren Sare Nazionalean.

Juan Ciudad Fundazioa
Ébola

Sariak Ebola izurritearen aurka zuzenean edo zeharka borrokatu zuten pertsona guztiek (bai profesionalek, bai boluntarioek) egindako lana aintzatetsi zuen, bereziki Mendebaldeko Afrikako hainbat herrialdetan aritu zirenak, besteak beste, Mugarik Gabeko Medikuak eta Gurutze Gorria erakundeetako kooperanteak, beste erakunde humanitario batzuen eta misiolarien artean. Alabaina, epaimahaiak Juan Ciudad Fundazioa berariaz aintzatetsi nahi izan zuen, herrialde horietan San Joan Jainkoarena Ospitaleen bidez egiten ari ziren lana aitortzeko, bai eta osasun-arazoei buruzko sentsibilizazio-lana eta, bereziki, Ebolari eta beste gaixotasun ahaztu batzuei buruzkoa ere. Gainera, ospitale horietako langile baten lana, jarrera eta konpromisoa aitortu nahi izan ziren, Paciencia Melgar ahizparena, hain zuzen.
Alepoko Anaia Maristak (Marista Urdinak)
Gerrak kaltetuak (errefuxiatuak eta desplazatuak)

Sirian gertatzen ari den gatazka belikoaren esparruan, Siriako Anaia Maristek (Anaia Urdinak) gerrak gehien kolpatu duen eremuetako batean, Alepon, egindako lana saritu zuen sariak. Epe laburrean egindako esku-hartzeaz gain, nabarmentzen dira herrialdeko biztanle zaurgarrienekin egindako lan-ibilbide luzea, herrialdeko beste txoko batzuetatik Alepora joan behar izan duten pertsonekin egindako lana, eta gatazka armatuaren ondorioz kaltetutako hiritarrekin egindako lana. Ez hori bakarrik, giza eskubide garrantzitsuenetako bat, bizitzeko eskubidea, defendatzea ere saritu zen; eta, azkenik, erakunde musulman, kristau eta akonfesionalekin pertsona guztiak artatzeko egindako lankidetza-lan estua. Saria Georges Sabé anaia maristak jaso zuen, Alepoko biztanle siriarrak. Hiri horretan egon da gerra hasi zenetik, “anaia urdinen” gainerako boluntarioekin batera, kaltetutako herritarrei laguntzeko.

La Vía Campesina
Elikadura-burujabetza

Lau kontinentetan ezarritako eta 73 herrialdetan dagoen mundu mailako gizarte-mugimendua, FAOn eta bestelako nazioarteko foro eta erakundeetako solaskide aitortua. 1993an sortu zen, lau kontinentetako nekazari-talde batek Monsen, Belgikan, La Via Campesina sortu zuenean. Orduz geroztik, nekazarien interesak defendatzen ditu, haien bizitzetan eragiten duten erabakiak jakinarazten dizkie, lurrak eskuratzen laguntzen die, familiarteko nekazaritza-ustiategi txikien alde borrokatzen du, peoi eta jornalari behartsuen alde egiten du, eta ingurumena eta elikadura-burujabetza defendatuko dituen nekazaritza ekologikoa sustatzen du. Era horretan, multinazionalek menderatzen duten nekazaritza-industriaren botereari beste modu batean aurre egiteko gai den indarra da.
“Emakume Afrikarrak eta Giza Eskubideak”: Malawiko Theresa Kachindamoto, Senegaleko Hulo Guillabert, Ugandako Victoria Nyanjura eta Maliko Oumou Sall-Seck
Emakumeen eskubideak

Lehenbiziko aldiz, saria 4 pertsonari eman zitzaien, 4 emakume aktibista afrikarri, Afrikan giza eskubideen alde egindako lanagatik, guztien lana aitortzen duen baterako hautagaitza batean. Afrikan emakumeak dira gizarte-aldaketen gidariak, eta saritutako lau emakumeek beren gizartea duintzeko lanaren eta borrokaren zati bat irudikatzen dute, elkarrengandik oso urrun dauden Afrikako lau tokitatik giza eskubideak defendatuz. Emakumeak eta haurrak babesteko egiten dute lan batez ere, haien eskubide oinarrizkoenak urratu egiten baitira gatazka armatu ugarietan eta Afrikako egungo gizartea zalantzan jartzen ari den ohituretan eta tradizioetan.
Nazioarteko Emmaus
Lan duina, ekonomia etiko eta solidarioa

Garapen Jasangarrirako 8. Helburua lortzeko egin duen ekarpen nagusia aitortu zaio. Izan ere, 50 urteko ibilbidean, 37 herrialdetako biztanle zaurgarrienek lan duina izatea bultzatu du, eta horrek agerian uzten du ekonomia etiko eta solidarioaren defentsarekin duen konpromisoa, oinarrizko eskubideetarako sarbidea eta planetarekiko konpromisoa sendotzen dituena. Hori guztia tokiko hainbat proiekturen bidez gauzatzen da, tokiko talde bakoitzaren enplegu-premiei berariaz erantzutean oinarrituta, eta baliabideen aprobetxamendua eta birziklatzea, kontsumo arduratsua sustatzea eta ekitatezko trukea lehentasunez txertatuta.

“El Caracol” Elkartea
Premia sanitario eta psikosozialen arreta

Haizetakoak garbitzen, dirua eskatzen edo bizi diren inguruko merkatariei lan txikietan laguntzen aritzen diren Mexiko Hiriko haur, nerabe, emakume, gizon, desgaitasuna duten pertsona eta kaleetan bizi diren familiekin lan egiten du.
Kaleetan bizi direnek beren giza eskubideak babesteko leku bat aurkitu dute El Caracolen, eta, hortaz, haien bizi-baldintzak hobetzeko erreferentea da. Erakundearekiko errotzea kaleko lanari, laguntza psikosozial eta hezitzaileari, herritar horiek topaguneetan egotea errazten baitu, eta programen kalitateari eta langileen berotasunari zor zaio. Komunitateak eta gobernu-erakundeek osasunari, hezkuntzari, lanari, nortasunari eta aldi baterako etxebizitzari lotutako zerbitzu publikoak ukatuz eragiten duten indarkeria eta diskriminazioa bizi ohi dituzten pertsonei laguntzen die El Caracol AC elkarteak.
“Aita Mari” itsas salbamendu humanitarioa elkartea
Itsas salbamendua

2015. urtearen amaieratik dihardu Europarako igarobideetan migratzaileei eta errefuxiatuei laguntza humanitarioa ematen. Egeoko Chios uhartean (Grezia) hasi zen lanean, salbamendu-lanekin, eta, denborarekin, Vialeko erregistro-eremuan (Hotspot) laguntza medikoa ematen hasi zen. Gaur egun ere jarduera horri eusten dio. 2017an, PROEM AID eta LIFELINE elkarteekin batera, MAYDAYTERRANEO proiektua abiarazi zuen. Proiektu horren bidez, erreskate-ontzi bat pleitatu zen, eta, horren ondorioz, 580 pertsona sorotsi ziren urte hartako irailetik azarora bitartean. 2018an, STELA MARIS BERRIA itsasontzia erosi zuen, eta, lan komunitarioko proiektu baten bidez (azulan), AITA MARI erreskate-itsasontzi bihurtu zuen. Gaur egun, zortzigarren misioa betetzen ari da Mediterraneo erdialdean.
Guatemalako Osasun Barneratzailearen Institutua (ISIS)
Osasunerako sarbide unibertsala eta ekitatiboa

Irabazi-asmorik gabeko Guatemalako elkarte zibila, profesional-talde baten ekimenez 2008an sortu zena, osasun publikoaren arloan ikerketa-, prestakuntza- eta esku-hartze jarduerak indartzeko beharraz jabeturik, horrelako jardueretan hainbat arlotako profesionalen inplikazioa erraztuz, beren gaitasunak baliatuz gizarte bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzeko konpromiso morala hartuz. Gaur egun, ISISek medicusmundirekin lan egiten du Guatemalan, baita Osasunaren Erakunde Panamerikarrarekin, CSAI fundazioarekin, AECIDekin eta Europar Batasunarekin ere. Bere misioa honako hau da: “osasun-baldintzak hobetzen laguntzea justizia sozialarekin, proposamen teorikoak, metodologikoak eta operatiboak garatuz, diziplinaz gaindiko ikuspegi batetik, jakintzaren eraikuntza kolektibotik, osasunari buruzko prestakuntza kritiko batetik eta ezagutzaren aplikazio praktikotik abiatuta”.

“Flora Tristán” Peruko Emakumearen Zentroa
Emakumeen herritar eskubideak baliatzea

Zentro honek aholkularitza, orientazio eta genero-indarkeriari buruzko auzi espezializatuak eskaintzen ditu. Peruko mugimendu feministaren historiaren berri ematen duten materialak gordetzen dituen herrialdeko liburutegi feminista bakarra du. Bere zeregin instituzionalean, kanpainak, prestakuntza-jarduerak, eragina politika publikoetan eta feminismo intersekzionaletik ezagutzak eraikitzea sustatzen ditu. Lau hamarkada baino gehiagotan bizi izan dituen testuinguru zailak gorabehera, koherentziari eta printzipioei eutsi die, eta, ondorioz, herrialdeko emakumeen erakunde aintzatetsienetako bat da. CMPFTk, erakunde feminista bat den aldetik, genero-berdintasuna defendatzen du eta demokraziaren edukia sakondu nahi du. Herrialdearen testuinguru sozial, kultural, ekonomiko eta politikoak eragina du erakundeen zereginean.
Amref Afrika Osasuna Fundazioa
Osasun-arloko prestakuntza, desberdintasunen aurkako borroka

AMREF 1957an sortu zen, Kilimanjaro mendiaren oinetan, mediku hegalariak (Flying Doctors) izenekoekin. Hiru mediku horiek hegazkinez joaten ziren kontinenteko lekurik ezkutuenetara, laguntza medikoa ematera. Harrezkero, Nairobin duen egoitza nagusitik eta 2.400 langile baino gehiagorekin (horietatik % 97 afrikarrak), osasun-langileen prestakuntzara, berrikuntza teknologikora eta emakumeen mutilazio genitalaren aurkako borrokara iritsi da, eta Ruandako genozidioa, GIB/SID pandemia edo COVID-19 bezalako krisiei erantzun die Afrikako 37 herrialdetan, Ugandan, Mauritanian, Hego Sudanen edo Etiopian presentzia berezia izanik.
Ana Ferrer Perry (Vicente Ferrer Fundazioa)
Muturreko pobrezia murriztea; emakumeen eta desgaitasuna duten pertsonen eskubideen aldeko borroka

Anna Ferrerrek 57 urteko ibilbidea egin du Indiako nazioarteko lankidetzaren esparruan. Bertan bizi da, eta pobreziaren aurka eta emakumeen eta desgaitasuna duten pertsonen eskubideen alde lan egin du, iraunkortasunaren, berdintasunaren eta lan komunitarioaren bidez. Ildo horretan, Anna Ferrerrek eta Fundazioak egindako lanak 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko Helburuetako zortzirekin duten lotura nabarmendu da eztabaidan.




